2010/01/03

Milaka eta milaka lagun bildu gara Bilbon euskal presoen eskubideen alde


Debekuen gainetik eta ezohiko ibilbide batetik, milaka eta milaka lagun atera ginen Bilbon atzo euskal presoen eskubideen alde. GARA Euskal Herriko Egunkariaren datuen arabera 44.000 lagun. "Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herrira" lelopean, hiriburuko Kale Nagusia bete zuen jende uholdea. Ikasle Sindikatuak bat egin zuen manifestazioarekin eta bertan izan ginen  IS-ko ordezkariak.
Etxerat elkarteko senideak eraman zuten pankarta, eta haien atzean hainbat eragile politiko eta sindikal lagundu zieten. Ertzaintzak gogorki kontrolatu zuen manifestazioa, eta Etxerat-ek salatu du Durangon Guardia Zibilaren errepide kontrolak egon direla.

Bilboko Jesusen Bihotzetik hasi zen manifestazioa urtarrilaren 2ko arratsaldeko 17:30-tan. Baina, arratsaldeko 17:00-etatik izugarrizko jendetsa ikusi genezaken ingurutik. Urtero bezala Etxerat elkarteko kideek zabaldu zuten manifestazioa, baina aurten ez dituzte presoen argazkiak erakutsi debekuak direla eta. Bukaeran ere jendez gainezka zegoen Bilbo: martxaren burua Bilboko udaletxera heldu zenean, asko artean Moyua plazan zeuden. GARA Euskal Herriko Egunkariaren datuen arabera 44.000 lagun izan ginen.
Manifestazio jendetsua izan zen atzokoa, istilurik gabekoa baina, hala ere, Ertzaintzak zorrotz zaindua. Manifestazioaren buruan eta maieran hainbat furgoi ibili ziren, eta, horrez gain, Ertzaintzaren helikopteroa ere ibili zen. Aurretik, Durangon Guardia Zibilaren errepide kontrolak izan zirela salatu zuen Etxerat-ek.
Ordezkaritza politiko zabal bat bildu zen pankartaren atzean. Besteak beste, Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia, Rufi Etxeberria, Arantza Urkaregi eta Joserra Etxeberria izan ziren ezker abertzaletik. Aralarretik, berriz, Patxi Zabaleta, Oxel Erostarbe eta Jon Abril. EAko buruzagiak ere Bilbon izan ziren, Alternatibatik Oskar Matute eta Ander Rodriguez. AB-tik ere Mertxe Kolina han izan zen. Egunkaria auziko auzipetu Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria, Eñaut Elorrieta kantaria eta Uxue Alberdi, Jon Maia eta Miren Amuriza bertsolariak ere izan ziren. ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK... sindikatutik ere ordezkariak egon ziren.
Izugarrizko elkartasun uholdea sortu zen Bilbon euskal presoen eskubideen alde. Ikasle Sindikatutik beti gure elkartasuna adierazi dugu eskubideen aldeko borrokarekin. Gaur egun 746 lagun dira frantziar eta espainiar Estatuetako espetxeetatik sakabanatuta dauden euskal presoak, eta haien familiak astero 1223 km egin behar dituzte batez beste, 378 euroko gastuari aurre eginez.
Pertsona guztien eskubide osoak lortzeko sozialismoaren aldeko borrokari ekin behar diogu. Askapen nazional eta sozial baten alde, langile internazionalismoa eta iraultza sozialista bat antolatu behar dugu. Horrela bakarrik lortuko dugu erreprimitutako herrien autodeterminazio eskubidea lortzea, presoen eskubideak errespetatzea eta gizarte hobe batean bizitzea. Antolatu zaitez sozialismoaren aldeko borrokan. Antolatu zaitez Ikasle Sindikatuarekin.



ANTOLATU ZAITEZ GUREKIN!
GORA SOZIALISMOAREN ALDEKO BORROKA!
ZAPALDUTAKO HERRIEN AUTODETEMRINAZIO ESKUBIDEAREN ALDE!

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!