Wednesday 15 May 2013

«Zure produktuak alde txar bat badu, berehala geratzen da agerian Interneten aroan»

Haritz Rodriguez, Interneten aditua.


Blogetan kritikak idaztearen truke, produktuak probatzeko uzten dituzten enpresak eta blogariak harremanetan jartzeko plataforma bat sortu du Xuriken kazetariak. Gaur azalduko du Donostian.

Haritz Rodriguez Xuriken (Caracas, 1978) kazetaria eta blogaria da. Euskaltube sortu zuen 2007. urte aldera. Orain, Blog on Brands egitasmoan dabil murgilduta, eta zertan datzan azalduko du gaur, 18:00etan, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Innogunean. Betor hitzaldi sortako saioa bideoz zuzenean emango dute Berria.info gunean.



Blogak eta enpresak elkartu nahi dituzu. Zertarako?

Blog on Brands plataforma bat da, blogariak eta enpresak harremanetan jartzeko. Etxeek euren produktuak uzten dizkiete blogariei, eta blogariek horien inguruko kritika egiten dute euren blogetan. Kritikak egiazkoa eta zintzoa izan behar du. Hedabide sozialen bidezko marketina da. Balio du, esaterako, produktu berriak ezagutzera emateko, edo ezagunak direnen marka-irudia indartzeko... Promozioa da, hein handi batean, baina guk beste alderdi bati ematen diogu garrantzia: enpresek jendeak euren inguruan esateko daukatena entzutea, produktuak hobetze aldera.

Duela aste batzuk Fagor lapikoen kritika agertu zen Boingboing.net blogean. Hortik eltzea erosteko Amazonera sartzen den pertsona bakoitzeko komisio bat jaso zuen blogak. Eztabaida izan genuen Twitterren, hura propaganda ote zen.

Horri afiliazio sistema esaten diote, eta askotan erabiltzen da. Eztabaida hori puri-purian dago blogarien artean. Gure sisteman blogariak libre dira nahi dutena idazteko; hau da, kritika negatiboa izan daiteke. Beraz, hau ez nuke ulertuko publizitate gisa. Noski, blogari bakoitzak esan beharko du iruzkintzen duen produktu hori oparitu dioten edo ez. Guk sekula egingo ez duguna zera da: ordaintzea aldez aurretik erabakitako iritzi bat ematearen truke. Blogariak eragina baldin badu, bere independentziarengatik dauka. Independentzia galtzen baduzu, balioa galtzen du zure iritziak.

Heisenbergen ziurgabetasunaren printzipioa ezar dakioke zuen sistemari: enpresak produktua eskaini ez balu, horretaz hitz egingo al luke blogariak?

Blogari batek gai batean izena ematen badu, interesa izango du horretaz idazteko. Guk elkarrizketak sortzen ditugu, azken batean, eta elkarrizketa horren zabalkundea neurtu. Guk hori kobratzen diogu enpresari, baina ez dago inoiz diru mugimendurik enpresa eta blogariaren artean. Beraz, bai, eragina izan dezake oparia jaso izanak, baina iritzia zintzoa bada, zilegi da, nire ustez.

Produktuak gogor kritikatu ohi dituen blogari baten kritika onak gehiago balioko du?

Bai. Plataforma hau benetan euren produktuetan sinesten duten enpresentzat dago prestatuta, gauzak ondo egiten ari direla uste dutenentzat. Interneten aroan, produktuaren eta haren arteko irudiaren arteko inkoherentzia inoiz baino azkarrago ateratzen da plazara. Zure produktuak alde txar bat baldin badu, laster asko geratzen da agerian sare sozialetan eta blogetan. Eman nahi duzun irudia eta errealitatea ez badatoz bat, errealitatea aldatzeko lan egin beharko duzu. Horrek, gainera, zure irekitasuna erakusten du.

Batek baino gehiagok esango zuen honezkero: «Hau pagotxa; hotel eta jatetxe probatzaile izango naiz...»

Batek baino gehiagok hartu du bloga egiteko erabakia horretarako, baina hori akats bat da. Blogaria izan behar duzu, berez maite duzulako komunikatzea. Hori gabe, ez duzu inoiz behar adina bisitarik lortuko eta ez duzu sinesgarritasunik izango. Zure bloga hilda jaioko da.

No comments:

Post a Comment