Tuesday 21 May 2013

«Twitter, Facebook eta halakoak ez ditugu modu osasungarrian erabiltzen»

Marko Txopitea, informatika ingeniaria.




Teknikaria izanda ere, edo teknikaria delako hain zuzen, errezeloz begiratzen die Txopitea informatikariak enpresa handien esku dauden sare sozialei. Sukarra zeren sintoma den azalduko du gaur.

Marko Txopitea (Lekeitio, Bizkaia, 1975) Txopi da Interneten dituen egitasmo askoetan. www.ikusimakusi.net gune pertsonalean ematen du horien berri. Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean.



Sare sozialen sukarra egoteak zer esan nahi du, gizartea hazten ari dela, edo gaitz baten sintoma bat da?

Badira gaixotasun sintoma batzuk jende askok, gehienak, Twitter eta Facebook sare sozialei ematen dien erabileran, eta horiek ez ditugu modu osasungarrian erabiltzen. Jendeak emozioak biluzten ditu sareotan, eta aurrez aurre ez lukete egingo. Sare sozialen atzetik enpresa batzuk daude, eta horixe nahi dute, dirua ateratzeko zeharka. Jendearen arteko harremanak aldatzen ari dira, okerrerako. Geu gabiltza, geure borondatez, geure bizitza osoa zabaltzen.

Baina ez dira bi gai ezberdin gure lotura psikologikoa eta datuen erabilera?


Lotuta daude biak. «Nola sentitzen zara?» galdetzen dizute sare horietan, nahi dutelako zuk harremana izatea, ez komertziala, baizik eta sentimenduen bidezkoa. Orain, blog branding sistema erabiltzen dute propagandarako: publizitate irudi bat ikusten baduzu, ez diozu arretarik jartzen, baina zure lagun batek produktu bat gomendatzen badizu, manipulazioaren kontrako babesak kentzen dituzu. Mila esperimentu egin daitezke, eta egiten ari dira. Tresna horietan sartzen zaren bakoitzean, aldatu egiten dira. Erabiltzeko baldintzak eta eskubideak aldatzen dituzte, zuri ezer esan gabe, euren helburuak lortzeko.

Beste aukerarik, non?


Badaude sare sozial libreak, gauzak egiteko beste modu batzuk, erabakiak hartzeko tresna demokratikoak dituztenak. Baina enpresa handiek ez dute halakorik. Erakundeak eta herritarrok ari gara uzten enpresa handiei gure gizartea aldatzen. Hori ona izan daiteke, baina ez dugu inongo kontrolik, eta arriskua handia da. Eta aitortu behar dut jendea gustura dagoela egoerarekin. Kontzientzia hartzeko lan handia egin behar da.

Nondik hasi kontzientzia lantzen?


Gizarte mugimenduetatik, jada badutelako software librearen eta copyleften inguruko kontzientzia. Horiengana heltzea da nire helburua, gero gizartean apurka zabal dadin. Teknologia egoki erabiltzeko gune batzuk sortu behar dira, eta jendea esperientzia txarrak izan ahala gerturatuko da horietara.

Vicente Verdu pentsalariak joan zen astean tarte honetan esan zuen demokrazia berria sare sozialen aldetik helduko dela. Badirudi zu ez zarela horren baikorra, teknikaria izan arren.


Ez naiz baikorra, ez. Gaur ematen du pribatutasuna gorde nahi baduzu, zerbait ezkutatzen ari zarena. Izugarria da, osasungarriena pribatutasuna izatea baita. Google + eta Gmail sortu zituzten, zuk pasahitza sartu eta saioan geratzeko, hortik Interneten egiten dituzun mugimendu guztiak gordetzeko. Skypen txateatzen duzun guztia Microsoftek gordetzen du. Enpresak enpresak dira, eta ez dute ezer oparitzen. Ez da erraza jendeari esatea zer egin. Teknologia hauek errealitatearen zati bat dira jada, alde egitea ez da aukera. Zenbat pertsonari jarraitzen diezu, 500i? Uste al duzu 500 lagun dituzula? Zenbatekin egon zara ordu batez lasai berbetan azken astean?

1 comment:

  1. Erantzun diote Txopiteari, hemen: http://sustatu.com/1369149283132

    ReplyDelete